Hemen duzue ostiraleko festaren laburpen bideoa. Egun guztia zerura begira egon eta tarte batzuetan euri pixka bat hasi zuen arren,  festaz azkenera arte gozatzeko aukera izan genuen.

Izandako photocall-aren argazkiak, Marea urdinaren dantza,  partida ezberdinak… astean zehar izango dituzue ikusgai gure web orrian eta sare sozialetan.

Eskerrak eman nahi dizkizuegu festara animatu zineten guraso eta familia guztiei!

Apirilaren 16, 17 eta 18an, Iban Udaltzaina etorri zen Lehen Hezkuntzako 5.mailako ikasleengana Bide Heziketaren inguruan zenbait aholku ematera. Lehenengo bi egunetan teoriari eskainiak izan ziren eta 3. egunean saio praktikoa egin genuen. Lehenbizi, garraiobide ezberdinez hitz egin zigun eta bakoitzaren erabilpen egokia zein izan beharko lukeen azaldu. Ondoren, gure adinean lagunek duten eraginez ere aritu zen,  kaskoa eramateko orduan, zebrabide edo semaforoak igarotzeko orduan… Teoria argi izatean, saio praktiko dibertigarri bezain hezitzailea egin genuen Ibanekin. Gelakide guztiak bizikletak hartu eta Ikastetxetik Narrondora doan bide gorri zatia egin genuen. Gero talde txikitan, errepide zati batean ere ibili ginen udaltzainaren motorraren laguntzarekin. Bai bidegorri eta bai errepidean bizikletan nola ibili behar den ikasteaz gain, gure ingurumen eta osasunarentzat ezin hobea den garraiobidean ibiltzeko gomendioarekin amaitu genuen saioa.

Pasa den otsailaren  23an, Arazi taldeak antolatzen duen Denboraren Bila ekintzan parte hartu genuen. Goiza hotza izan arren, Zumaiako alde zaharrean gora eta behera ibili ginen, Algorri interpretazio zentroan, San Perdro Elizan, Ubillos Jauregian, San Juan iturrian eta alboko kaleetan zehar ere ibili ginen Zumaiako historiari buruzko kontuak ikasiz. Beste behin ere argi geratu da jolastuz ere, asko ikas daitekeela.

Gizakiak betidanik nahi izan du bidaiatzea. Eta zer esanik ez denbora eta garai ezberdinetara bidaiatu ahal izatea. Horren lekuko ditugu hasi George Wells-etik eta gertuago Alaitz Olaizola arte hainbat idazleren lanak. Filmak ere ez dira falta gai honen inguruan. Izan ere, zuetako nork ez du inoiz pentsatu edo nahi izan denboran zehar bidaia bat egin eta beste garaiko gizakien bizimodua bizi eta partekatzea?

Hori horrela, aurtengoan geure denboraren makina propioa eraiki dugu eta garai ezberdinetako pertsonaiaz jantzi gara (aintzinako gizakiz, erromatarrez, txinatarrez,  Erdia Aroko pertsonaiaz…) bidaia horren lekuko eta denborari joan etorriak emanez gozatu dugu.