Pasa den maiatzaren  17 eta 18an , LH 5. mailakoek, bi eguneko irteera izan genuen Irrisarri Land-eko abentura parkera. Bertan, eguraldia lagun, ekintza ugarietan parte hartu eta gozatzeko aukera ezin hobea izan genuen: basoan barne, urmael batean zeuden amuarrainei ogi pusketak eman, zubi tibetarra gurutzatu eta arnes eta kaskoz babestuta, zuhaitzen gainetik, arborismoa eta tirolinetan “hegan” egiten ere ibili ginen. A zer kilimak urdailean sentitu genituenak… !!!

Zentzumenen ibilaldian, oinutsik, zentzumenekin jolasean ibili ginen naturaren testurak eta usainak sentituz.

Iluntzean, afaldu ostean, dantzan ere aritu ginen. Primeran pasatu genuen!!!

Urtarrilaren 21ean, LH 5.mailako 36 ikasle eta guraso, Reala eta Celtaren aurkako norgehiagoka ikustera joan ginen. Lau ikasle, Irati Somarriba, Ibai Etxabe, Maitane Narbaiza eta Telmo Azkue, Realeko jokalarien eskutik irten ziren futbol zelaira. Giro ederrean, nahiz eta Realak garaipenik ez lortu, gustora itzuli ginen Zumaiara. Ea hurrena ere, gurasoentzat bereziki, horrelako txango bat antolatzen dugun gurasoak haurrak baino gustorago ibili baitziren!!

Urtarrilaren 17an, Lehen Hezkuntzako 5.mailako ikasleak protagonista handiak izan ziren Zubietan ospatu zen Amets Bateko jardunaldi berrian. Real Sociedad Fundazioak antolatzen duen ekintza arrakastatsu honi esker, Beasaineko Alkartasuna Lizeoko, Amezketako Zumadi Eskolako eta Zumaiako Maria eta Jose Ikastetxeko 159 ikaslek primeran pasatzeko aukera paregabea izan genuen.

Eguraldia lagun, asko gozatu genuen Zubietako gune desberdinak ezagutzen, Realaren historiari eta baloreei buruzko bideoa ikusten, Zubietako Garatu pisuan jolasten eta lehen taldearen entrenamendua ikusten. Gainera, lehen taldeko jokalariak diren Toño atezaina eta Nahikari Garciarekin une atsegina pasatzeko aukera izan genuen. Galderak egin aurretik, guk, kopla polit batzuk abestu genizkien bi txuri-urdinei. Ondoren, galderak egin eta haien sinadurak lortu eta gelaka argazki bat atera genuen bi jokalariekin. Baina dibertsioa ez zen hemen amaitu, arratsaldean, talde osoa Donostiako Aquariumera gerturatu ginen eta bertan itsas-mundua gertutik ezagutzeko aukera izan genuen. Gainera, hilaren 21ean, Anoetara joango gara Celtaren aurkako partida ikustera. Dudarik gabe, esperientzia paregabea suertatu zitzaigun.

Azaroaren 13an, LH 5. mailako ikasleak Azpeitira joan ginen egun pasa. Goizean,  Eskola edo Gaztetxoei Zuzenduriko Antzerkian izan ginen ikasle moduan  antzerkia eta dantzak ikusiz. Eguerdi partean berriz, Corrado Masacci italiarraren Txontxongiloen ametsak erakusketa ikustera joan ginen. Txontxongiloak erakusteaz gain, horietaz gozatzeko aukera eskaini zigun artista italiarrak eta harri eta zur geratu ginen txontxongiloekin.

Azkenik, bazkaldu eta jolastu ondoren, berriro autobusa hartu eta Zumaiara itzuli ginen.

Pasa den urriaren 11ean, Lehen Hezkuntzako 5.mailako ikasleak, ‘Go!azen‘ telesailaren denboraldi berriaren aurreestreinaldia ikustera joan ginen Gasteizeko Europa Jauregira.

Laboral Kutxak, estrenaldia ikusteko zozketa bat egin eta gure ikasle den Amaia Alcantarari egokitu zitzaion. Horrela, 5.mailako 2 gelak, Gasteiza joateko aukera izan genuen.

‘Go!azenen‘ lehenengo kapitulua ikusteaz gain, aktoreekin argazkiak atera eta sinadurak ere lortu genituen. Ondoren, Prado parkera joan ginen bazkaltzera eta pixkat jolastu eta gero, poz-pozik Zumaiara itzuli ginen.